XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Batzordeak aztertutako terminoen egokitasuna aztertzeko, eta baita egungo ahozko altxorra jasotzeko asmoz ere, testeatzeko sistema berria antolatu zen.

Batzordearen proposamenetako termino zenbait aukeratu eta nekazaritza munduko erabiltzaileei iritzia emateko eskatu genien; gero, hortik jasotako emaitzak batzordearen esku jarri ziren berriro ere.

Lan hori Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak hartu zuen bere gain, esperientzia berriari aurre eginez.

Bestalde, aipamen berezia merezi du Jean-Louis Davantek eman duen laguntza euskal hitzen frantsesezko ordainak itzultzerakoan.

Bukatzeko, gogora dezagun urrats hauek bideratzeko UZEIk ezarri dituela arau metodologikoak eta bere esperientziaz baliatu garela partaide izan garen guztiok.

2. Testeoari buruzko azalpena

2.1. Testeoaren helburua

Testeoaren bidez hiru helburu nagusi bete nahi izan dira:

a) Gaur egungo ahozko altxorraren berri jasotzea eta horren lekukotasuna hiztegian agertzea.

b) Batzordean onartutako terminoak hiztegiaren erabiltzaile izan daitezkeenen artean izango duten onarpen maila ezagutzea.

c) Testeoaren beraren erabilgarritasuna frogatzea, gerora antzeko zereginak sor daitezenean, esperientzian oinarritutako tresna eta metodo landuagoak izateko.

2.2. Terminoen aukeraketa

Hiztegian ematen diren termino guztiak ez dira testeatu.

Azaltzen diren 2.015 kontzeptuetatik aukeraketa egitea eskatu zitzaion batzordeari eta, zerrenda bi osatu zituen epe ezberdinetan.

Zerrenda bi horiekin testeoaldi bi antolatu ziren.

Lehenengo testeoaldian lurlantzari buruzko terminoen artean egin zen aukeraketa: 123 kontzeptu hartu ziren testeatzeko (kontzeptu bakoitzeko izendapen bat baino gehiago eman daiteke).

Kontzeptuen aukeraketa egiteko zenbait irizpide izan ziren kontuan.

Laburbilduz, hainbat eratako arrazoiengatik, euskal ordaina erabakitzerakoan zalantzak sortzen zituzten kontzeptuak hartu ziren aztergai (cultivo, monocultivo/policultivo, -cida formadun terminoak, makina batzuen izenak, orain arte arrotzak ziren produktuen izenak,...).

Bigarren testeoaldian abeltzaintzari zegozkion terminoen artean egin zen aukeraketa, guztira 191 kontzeptu hartu ziren.